XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
- Ez, uste dut ez dudala ezer ahaztu... Bestelakoa balitz, larri egongo nintzateke.
- Bi egun dira ikusi ez dudala. Bere aitaren etxean egongo da, seguru asko.
- Eta zuek ezkondu berriak zarete?
- Ez nizuke ezer esango, ezer txarrik badagoela uste izango banu.
- Ez, oso zintzo ari da. ..Tira, agur, Mrs. Robinson.
Bere fardelak besapean hartu eta kalean behera egin zuen, esku librean bolatxoz apaindutako zorro bat balantzaka zeramala.
Artean eguzkiak berotu egiten zuen, airean halako gainbehera-kutsu bat nabari bazen ere.
Penny bat eman zion Alargun Alaia biraderadun organo batez jotzen ari zen itsu bati.
Berrehungarren Kaletik hartu zuen.
Jendea leihotik begira zegoen.
Jendetza pilatzen hasia zen.
Sute bat zen.
Aire erreskaldatua hartu zuen.
Oilo-ipurdia jarri zitzaion.
Gogoko zuen suteak ikustea.
Gero eta azkarrago zebilen.
Kea, galipota bezain trinkoa, bosgarren pisuko leihotik irteten zen.
Halako batean, dardarka hasi zen. Igogailuzain beltza harengana joan zen lasterka.
Aurpegi berdea zuen.
- Ene, gure etxean da
Utzidazue pasatzen. Fardelak erori zitzaizkion. Krema-botila bat puskatu zen espaloian.
Pearlinek bidera irten zitzaion poliziari heldu zion eta joka hasi zitzaion bularralde urdin zabalaren kontra.
Ezin izan zion garrasi egiteari eutsi.
- Lasai, andereño, lasai -esaten zuen poliziak ahots sakonaz.
Pearlinek poliziaren ahotsaren marmar isila entzuten zuen, bularraldean burukadak jotzen zizkion bitartean.
- Jaisten ari dira, keak estuturik dago, ez besterik, keak estuturik.